Zer da?

Tradizioz, perrretxiko-bilketa indartsu sustraitutako afizio bat da gure inguruan. Euskadi, Espainiako onddo-kontsumitzaile nagusienetakoa da, eta, askorentzat, Gorbeia eta bere inguruak tradizio horren ikur dira.

Gaur egun, aipatutako baliabidea arriskuan dago, biltzaileen masifikazioagatik eta araudi eraginkorren faltagatik.

Eskualde honek ingurumen-aberastasun handia eta bioaniztasun zabala ditu, bere landarediaren, faunaren eta fungaren (perretxikoak eta onddoak) oparotasunagatik. Ekosistema begetal bakanak sortzea ekarri du horrek, eta baliabide mikologikoen bilketari eta aprobetxamenduari lotutako kultur-ondare garrantzitsua sorrarazi du. Gorbeia inguruak parke natural izendapena jaso zuen 1994an. 20.016 hektarea ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zabalena da. Bizkaiko eta Arabako Lurralde Historikoen artean dago. Bere azaleraren %62 Arabako isurialdean dago, eta, zehazki, gure eskualdean.

Parke Naturala babes berezia duen gunea da, bere balio ekologiko eta edertasunagatik, eta bere helburuetako bat baliabide naturalen kontserbazioa eta erabilera jasangarria da. Gorbeiakoan paisaia eta biotopo ugari daude, hala nola pagadiak, hariztiak, ameztiak, harizti gorriak, erkameztiak, artadiak, ibaiertzetako basoak, koniferoen sailak, belardiak eta larreak edo sastrakadiak. Horrek guztiak mikroaniztasunerako ekosistema paregabeak eskaintzen ditu, eta onddoak eta perretxikoak ugariak dira.

Azken hamarkadetan, gune naturalak eta landa-eremuak bisitarien aisialdirako erabilera publikorako eskaera gora doa. Eta, era berean onddoak edo perretxikoak biltzeko moda edo zaletasuna ere handitzen doa, bai helburu komertzialetarako, bai aisialdirako.

Gaur egun, Gorbeialdean, jarduera mikologikoarekin lotutako hainbat ezaugarri negatibo edo arazo identifikatu ditugu:

1) Biltzaileen masifikazioa.

2) Espezieak ez ezagutzea.

3) Ekoizpenerako gaitasuna ez ezagutzeea.

4) Kalteak, bilketarik egin gabe inguruak zapalduta uzteagatik.

5) Biltzaileak eta ehiztariak leku berean ibiltzea.

6) Baliabide mikologikoak gutxitzea.

7) Espezieen aniztasun-galera.

8) Eragozpenak abeltzain eta nekazarientzat.

Testuinguru hori kontuan hartuta, eskualdeko udalen eta erakunde publikoen kezka gorantz doa, eta, horregatik, PARKE MIKOLOGIKO hau sortu da. Helburua da bertan parte hartuko duten eremuetako baliabide mikologikoen aprobetxamendua arautzea, ikuspegi jasangarri batetik, lurraldearen eta baliabidearen erabiltzaileentzat (izan helburu komertzialarekin, aisialdikoarekin, zientzia-helburuarekin…) Gehienez 2kg / eguneko

Helburuak eta oinarriak

GORBEIALDEKO PARKE MIKOLOGIKOA martxan jarrita, Gorbeialdeko Kuadrillak eta atxikitako udal eta batzarrek baliabide mikologikoei balioa emateko proiektu bat eraiki nahi dute, eta, horretarako, perretxikoak biltzearen eta basoko perretxikoak ekoiztearen arteko orekaren bidez aprobetxamendu mikologiko iraunkorra lortu nahi dute, bertako ekosistema eta biztanleen bizimoduak hondatu gabe.

Maila zehatzagoan, honako helburu hauek identifikatzen dira:

• Masifikazioak eta bilketa-presioak sortutako inpaktuak murriztea, batez ere urteko garai jakin batzuetan.

• Espezieen ezagutza areagotzea.

• Kultura mikologikoaren zabalkundea eta ingurunearen errespetuarekiko sentsibilizazioa.

• Baliabide mikologikoen kontserbazioa bermatzea, ekosistemekin, natura-ingurunearekin eta lurraldean eragina duten beste jarduera batzuekin (abeltzaintza, ehiza, nekazaritza, etab.) orekatuta.

• Bildu gabeko gehiegizko zapalketak eragindako kalteak saihestea.

• Aparkalekuak antolatzea eta espazioak prestatzea, tokiko biztanleekin gatazkarik ez izateko.

• Espezieen barietatearen galera geldiaraztea.

• Lurraldearen premiekin eta ezaugarriekin bat datorren erregulazio eraginkorra lortzeko beharrezko oinarriak ezartzea.

• Biltzaileen joan-etorria kontrolatzeko sistema bat garatzea (biltzeko baimenak), autokontsumoaren aprobetxamendura bideratutako bilketarako baimen-sistema bat ezarriz, non gainditu ezin den gehienezko bilketa-presioa egongo den.

Araudia

Araudia ezberdinak deskargatu

Parte-hartzaileak

Gorbeia Inguruak edo Gorbeialdeko Kuadrilla Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia udalerriek osatzen dute; hala ere, gaur egun Parke Mikologikoa Zuiak osatzen du.